XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Holaxe amaitu zen jokutraldi hura.

Ez nuen hor egon nahi galdeketaren denboran.

Geroztik, Manolok kondatu zidan, itzultzaile baten beharragatik ere, errexkiegi egin izan zela: gezurra erran edo beren erranaldien gogorkeria ezti zezaketenik ez zuten iduriz asmatzen ahal ere Murek.

Prai Mathias bera durduzaduran zegoela omen zirudien.

Azkenean, sei Mura berexi zituen, Manoloren ustez, menturara... Lau zelatarik zainduko zuten etxola baten itzalpera joan ziren, eguerditan heriotzearen haiduru egoteko.

Indianoen ostetik gaindi haien ibiltzeak sukarrezko harramantza sortarazi zuen.

Ordu baten denbora palabratzen pasatu zuten, eta gero, denak batera ttuku ttuku etxolaren aurrean erronda erdi bat osatzeko joan ziren eta han egon, geldi-geldirik, ohartuki, zainak airean zeuden zelatarienganako ikusaldi bat ere gabe.

Jose etxolan sartu zen, kurutzefika eskuan.

Epe luze luze baten buruan, ateratzen ikusi nuen, ezkibel, betitsu bezala.

Ondoko gertakarietan parte hartu nahi ta ez behar izan nuen.

Lau soldadok eta kaporalak hiltzea egin beharko zuten.

Beste harmadunek egitea zaindu beharko zuten.

Guiscart eta biok oihan bazterrean jarri ginen.

Taulako beste bi kantoinak soldado batek eta Manolok zaindu zituzten.

Erdi-erdian, Muren artaldea hil-ihauteri batendako bezala.

Zelatariek inguratutako kondenatuen aurrean, emeki sartu zen Prai Mathias, eta lehen Indianoarengandik bi urratsetan baizik gelditu.